Chinua Acheberen itzulpen «espainiarren» corpusa

24 10 2012

«El corpus de traducciones españolas de Chinua Achebe (1930- ): Traducción sincrónica y diacrónica comparada de los traductores» (http://ttiki.com/43718), horrela deitzen da Juan Miguel Zarandonak Afroeuropa: Journal of Afroeuropean Studies aldizkarian (4. liburukia, 1. zk., 2010) argitaratu duen artikulua.

Corpus horretan, hamaika itzulpen zenbatzen ditu; besteak beste, Things Fall Apart eleberriaren euskarazko itzulpen biak sartzen ditu multzo horretan.

Euskarazko itzulpen horietako bat Kitto dena! da, Luis María Mujikak egin eta 1991n argitaratua (artikuluan oker aipatzen da 2007an argitaratu zela). Itzulpen hori, ordea, Thing Fall Apart liburuaren bertsio batetik egin zen: izan ere, 1974an, John Bayk Thing Fall Apart liburuaren bertsio bat egin zuen ingeles errazean Heinemann Guided Readers bildumarako, eta bertsio hori euskaratu zuen J.A. Mujikak, eta Kitto dena! izenburuaz argitaratu zen Elkarlanean-en, Irakumendi sailean.

Euskarazko beste itzulpena Gainbehera dator dena da, Alberto Martínez de la Cuadrak egina; hura bai, 2007an argitaratu zen «Literatura Unibertsala» bildumaren barruan.

Artikuluak datu batzuk ematen ditu. Esaterako, 2007 arte, euskarazko itzulpena argitaratu arte, Acheberen eleberriak hitzaurrerik gabe argitaratu ziren. 2010ean argitaratu ziren itzulpenak (La flecha de Dios, Me alegraría de otra muerte, Todo se desmorona, Un hombre del pueblo eta Termiteros de la sabana; guztiak, Debolsillo argitaletxekoak) hitzaurrez horniturik agertu ziren.

Beste datu bat: 1997 arte ez zen glosariorik erantsi, eta glosario hori 36 hitzekoa izan zen . 2000. urtean argitaratu zen katalanezko itzulpenak ere 36 hitzeko glosarioa du. Gainbehera dator dena euskarazko itzulpenak du glosariorik aberatsena, 93 sarrerakoa.





Uharte bat eta ikuspegi bi: Jamaica Kincaid eta Jean Rhys

24 10 2012

«Literatura Unibertsala» bilduman bada, Kincaiden Nire amaren autobiografia bezala, Karibeko Dominika uhartean kokatua dagoen (liburuaren zati bat bai behintzat) beste eleberri bat, Sargazo itsaso zabala, Jean Rhysek idatzia eta Txomin Arratibelek itzulia. Jean Rhys Antilletako Dominika uhartean jaio zen. Uharte horrexetan bertan jaio zen Jamaica Kincaiden ama, nahiz gero Antigua uhartera aldatu zen, Jamaica Kincaid jaio zen uhartera.

Bada alderik, hala ere, idazle biek uharteko biztanleei buruz dituzten ikuspuntuen artean. Arratibelek hitzaurrean aipatzen duenez, kreolen esperientzia kontatzeko gogoa zuen Rhysek, bera ere kreola baitzen sortzez. Rhysen ingeles editore Diana Athillek Stet. Editore baten bizitza lanean azaldu zuenez, Rhysekin izan zituen elkarrizketetan batere atxikitasunik gabe hitz egiten zuen beltzei buruz, eta arrazoi horregatik aholkatu zioten ez zezan sar «Errepide Inperiala» ipuina Mozkorraldia lo-pasatu, andrea izeneko liburuan; Rhysen arabera, beraren editoreek uko egin zioten ipuina liburu horretan sartzeari, haren tonua beltzen aurkakoa delako.

Jamaica Kincaidek, ordea, arbuioz idazten du Antiguako elite kolonialaren jokaeraren ezaugarri ziren zakarkeriaz eta arrazismoaz.





Jamaica Kincaid eta Frantz Fanon

24 10 2012

Lizabeth Paravisini-Gebert Karibeko kulturaren eta literaturaren irakaslearen arabera, Frantz Fanonen lana ezagutzen duenarentzat ezinezkoa da Nire amaren autobiografia irakurtzea Fanonen lanaren eragina sumatu gabe.

Frantz Fanon Martinikako psikiatra bat zen, bere idatzietan agerian utzi nahi izan zuena zein modu suntsigarrian eragin zien kolonialismoak bai kolonizatzaileei eta bai kolonizatuei. Fanonen arabera, bateraezinak diren ordena sozial bi elkartu zituen kolonialismoak, kolonizatzaileena eta kolonizatuena, eta betiereko tentsioan koexistitzera kondenatu zituen. Tentsio horiek mundu bat sortzen dute, zeinetan norbanakoa —kolonizatzailea nahiz kolonizatua— etengabe kapitulatzeko arriskuan egoten baita arrazakerian eta zapalkuntzan oinarrituriko sistema baten deformazio sozialaren eta espiritualaren aurrean.

Fanonek bere idatzietan aztertzen duen kolonizatzaileen eta kolonizatuen arteko oposizio kategorikoa agertzen da Nire amaren autobiografian ere. Kincaidek Xuela pertsonaia nagusiaren eta eleberriko beste pertsonaien arteko harremanak baliatzen ditu, Fanonek bere idatzietan deskribatzen dituen kategoria sozialak artikulatzeko. Nire amaren autobiografiako pertsonaiak sistematikoki aztertzen badira Fanonen Azal beltza, mozorro zuriak liburuaren argitan, agerian geratuko da nola erabiltzen dituen Kincaidek pertsonaiak Fanonek zirriborratutako inguruabar kolonialen adibide gisa, asimilazio kulturalari uko egiten dion Xuelaren narrazioa eraikitzeko.





Lehengo eta gaurko klasikoak

20 10 2012

Alberto Martinez de la Cuadra eta Jose Ramon Vazquez itzultzaileak, atzo, Donostian. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS (Berrian argitaratua)

Jamaica Kincaiden Nire amaren autobiografia eta Herman Melvilleren Benito Cereno / Billy Budd, marinela liburuen aurkezpenari buruzko artikulua, Berrian 2012ko urriaren 20an argitara emana:

http://paperekoa.berria.info/plaza/2012-10-20/036/001/lehengo_eta_gaurko_klasikoak.htm





«Literatura Unibertsala» saileko ale berri bi aurkeztuko dira ostiralean

18 10 2012

Urriaren 19an, Jamaica Kincaiden Nire amaren autobiografia eta Herman Melvilleren Benito Cereno eta Billy Budd, marinela liburuak aurkeztuko dira Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, eguerdiko 12etan.

Bi liburu horiek «Literatura Unibertsala» saileko 153. eta 154. aleak dira. Sailaren aldi berri honetan, Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeek argitaratu dituzte lanak lankidetzan.

Aurkezpen-ekitaldian izango dira Alberto Martínez de la Cuadra itzultzailea, José Ramón Vázquez itzultzailea, Bakartxo Arrizabalaga EIZIEko presidentea, Inazio Mujika Iraola Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeen ordezkaria eta Begoña Muruaga Euskara Sustatzeko zuzendaria.