Jamaica Kincaid, emakumeen aukeratzeko eskubidearen alde

4 12 2012

jamaica1

 

AEBetako presidentea aukeratzeko azken hauteskunde-kanpainan, 90 days, 90 reasons izeneko ekimena jarri zen abian, Barack Obamaren aldeko botoa eskatzeko. Ekimen horrek ez zuen loturarik Barac Obamaren kanpaina ofizialarekin. Ekimen horretan, kulturaren arloko 90 pertsonari eskatu zitzaien adieraz zezatela zergatik emango zioten botoa Barack Obamari. Hona hemen Jamaica Kincaiden arrazoia:

«26. arrazoia: emakumeen aukeratzeko eskubidea babesten du Obama presidenteak

»Haurra nintzelarik, Karibeko uharte batean hazten ari zena, herritar gehienak Afrikatik bortxaz eramandako jendearen ondorengoak ziren uharte batean, kontuan jausi nintzen gure patioko tokiren batean elkartzen zirela noizik behin nire ama eta beronen adiskideak, denak emakumeak, eta berriketan jarduten zutela, eta edari bero eta oso ilun bat zurrupatzen eta edaten zutela, lehenago bildutako zuhaitz batzuen hosto eta azaletatik egina. Zuzenean ez zidaten ezer ere adierazi, baina ulertu nuen, hala ere, edaten zituzten edabeak xedatuak zeudela haien umetokiak garbitzera barruan zeukaten eta beren bizitzen eguneroko martxa galaraziko zien zernahitik; alegia, beren umetokien garbitze hori etxea gobernatzeko beste modu bat zen.

»Harrigarri gerta daitekeen arren, edo beharbada ez hain harrigarri, edabearen osagai garrantzitsu bat, orain argi gogora dezakedan bakarra, landare tapitu bat zen, usain goxorik gabeko lore zuriak eta hosto pinatuak zituena. Orain badakit landare hori artemisia dela, asentsio-belarren familiakoa. Askotan, landare horren sorta eder bat ebaki eta lotzen zen erratza egiteko, eta halako erratzaz garbitzen zen patioa bertan aurkitu eta nahi ez zen edozein gauzatatik. Eta patioa erraztatzea etxeko gobernuaren parte bat zen, oso parte garrantzitsua.

»Orain, 63 urteko adinera heldurik, txunditurik eta suminez kausitzen dut neure burua armada mobilizatzeko eta jende batzuk askatzera lurraren azkeneko bazterretara eramateko prest dagoen herrialde batean bizitzen, aldi berean neuri askatasuna kendu nahi baitit eta galarazi neure kontura erabaki dezadan edozein gai baldin eta nire ugal organoei loturik badago. Haurrak izateko edo ez izateko nire erabakia ez da inork niri emandako eskubide bat. Ez dut aurkitzen eskubide hori nola edo hala ezarria John Lockeren edo Thomas Hobbesen idatzietan edo Biblia Sainduan edo beste zernahi saindutan. Ez dut aurkitzen eskubide hori Amerikako Konstituzioan. Neure izatean bertan aurkitzen dut eskubide hori, neure existentzian bertan. Nire bizitzaren errealitatea den guztia ulertzeko eta kontuan hartzeko dudan gaitasunean aurkitzen eta hartzen dut eskubide hori.

»Emakumea naiz. 14 urterekin hasi eta 57 urte izan arte, hilekoa izaten nuen hogeita zortzi egunetik hogeita zortzi egunera gutxi gorabehera; hau da, odola turrustan ateratzen zitzaidan gorputzetik baginan zehar. Gertaera horrek laborria sorrarazi zidan hasieratik, lehenik oso ikaragarria zelako eta ondoren sentiarazten zidalako gertatu aurretik eta haren odolezko presentzia bete-betean zegoenean ez nintzela ni neu, ez nintzela izan nahi nuen pertsona.

»Baina gertaera horrek, menstruazioak, bereizten nau. Baliteke biologia patua izatea, edo ez, baina nire eguneroko bizimoduan erabakimen handia izan zuen nire ziklo menstrualak. Egina nuen zerbaitengatik edo nire gorputzari gertaturiko disfuntzio ezezagunen batengatik eten egiten zen nire ziklo menstruala, kirrinkaz gelditzen ziren nire bizitza arrunt ia beti pobrea osatzen zuten mugimendu, elipse, amets, irudipen, grina, poz, atsegin eta urratze xalo ugariak.

»Badira pertsonak gogo dutenak beraiek pertsona-izaera deitzen duten zerbait existentzia-forma orori atxikitzea, betiere hura beraiek irudikatzen duten gisan: likido likatsu batean egonezinez nora gabe dabilen esperma bakarti batek ukitzen edo topatzen du obulu eme bakarti bat, biak elkartzen dira eta harea-ordulari baten barruan erortzen dira eta orduan, berehala, badute presentzia bat, Besteen munduan datzan errealitate burutu bat. Emakumeek osatzen dituzte, bereziki eta batez ere, «Beste» horiek eta berauen mundua, eta emakumeak dira «pertsona-izaera» horiez erditzen direnak eta erditzearen zamaren azpian lanean dihardutenak.

»Barruan hazten eta hazten ari zaizun zerbaiten zama eramatea izugarria da. Baina zama hori norbait bada, emakumeek erabat ezagutzen baitute zer dagoen beraien barruan, ezinbestez arazoz mukurutzen dira sentimenduak, are umetokiko zama erabat desiratua denean. Haur bi izan ditut neure umetokian. Horren nahikunde handia izan nuen, eta bi aldietan oso pozik sentitu nintzen jakin nuenean haurdun nengoela. 35 urte nituen haurdun geratu nintzenean neure lehenbiziko haurrarekin, eta 39 urte, neure bigarrenarekin.

»Nire amak 30 urte zituen ni, beraren lehenbiziko haurra, jaio nintzenean. Jatorriz naizen tokian, ezohikoa da, ia egundo entzun gabea, halako posizio soziala, pobrea, duen emakume bat hain zaharra izatea bere lehenbiziko haurraz erditzen denean. Ama hil baino ez urte asko lehenago, solas bat izan nuen berarekin hainbat gauzari buruz, eta solas horretan esan zidan bederatzi haur izanak zituela. Konturatu nintzen bederatzi haur esan zuela, ez bederatzi haurdunaldi.

»Emakume batek erabakitzen badu, aukera eman zaiolako, erregulatu egin nahi duela bere umetokiaren edukia, eta hori eginik bekatua egiten badu, Jainkoak ez al dio barkatuko? Haren bekatua hain larria al da non Jainkoak beste bekatu guztien gainetik jartzen baititu? Baldin eta Jainkoak eta munduko beste guztiek barkatu ahal badizkiete alemaniarrei beren egiazko eta benetako urratze publikoak, Jainkoak barkamena ukatu ahal dio emakume bakarti bati, bere bizitzaren asaldurari aurpegi ematen ari denari, zeinahi dela haren egoera, berdin hura pobrezia bada edo eragozpenak edo are arinkeria hutsa? Barkamena ukatu ahal zaio emakume bati bere bizitza taxutu nahi izategatik?

»Dudarik ez dut Obama presidentea ez litzatekeela ados egongo emakumeak bere ugal bizitza kontrolatzeko duen eskubideaz egin dudan formulazioarekin; alegia, halako punturaino duela berea eskubide hori non ez lukeela inondik ere debate publikoaren parte izan behar; non horretaz hitz egitea, emakume batek bere bizitzaren eremuan egin ohi duena, hain baita pribatua non zuzenketa baten urratzea izango bailitzateke, artikulatu ere ezin daitekeena. Eta, hala ere, emakumearen aukeratzeko eskubidearen aldeko sostengu sinple, irmo eta argia, emakume batek bere intereserako onena zer den haztatzeko, estimatzeko eta erabakitzeko duen eskubidearen aldekoa, da bera berrautatzearen alde engaiatzera eramaten nauena.»





‘Nire amaren autobiografia’ren hitzaurrea eta eleberriaren lehen orrialdeak

2 12 2012

The Autobiography of My Mother / Nire amaren autobiografia

Hemen dira Jamaica Kincaid-en Nire amaren autobiografiaren hitzaurrea eta eleberriaren lehen orrialdeak: Nire amaren autobiografia.

 





Gaztelugatxeko Doniene

1 12 2012

Gaztelugatxeko Doniene