Kolonizazioaren biktimak

25 03 2013

Azala_NireAmarenAutobiografia_Df_12mm_Alta

Iker Zalduaren kritika hau argitaratu zen 2013ko martxoaren 24an Gara egunkarian:

Egilea: Jamaica Kincaid.
Itzultzailea: Alberto Martinez de la Cuadra.
Argitaletxea: Alberdania-Erein-Igela, 2012.

Onartu behar dut nire eskuetan Nire amaren autobiografia heldu nuen lehen aldian beste zerbait espero nuela. Ez kalitate handiagoz beteriko zerbait, ez eskasagoa izango zen zerbait, izenburuari lotu nintzaion eta biografia bat, kasu honetan «autobiografia» bat espero nuen. Ez da hori, ordea, liburuak erakutsi didana, edo ez hori bakarrik esango nuke. Fikziozko istorio bat da, lehen pertsonan kontaturiko fikziozko istorio bat, Jamaica Kincaid idazleak haur zela bizitako giro batean. Horrenbestez, fikzioa eta errealitatea uztartzen dira; berak ere liburu honi buruz aitortu izan duenez, «autobiografikoa da ideietan, baina ez egoeretan».

Xuela da lehen pertsonan kontakizuna garatzen ari dena. Xuelak hitz egiten du, hitz egiten du eta irakurleak hura entzun baino ez du egiten; izan ere, 192 orriko bakarrizketa bat garatzen da orriz orri. Ez dago elkarrizketarako lekurik, atseden hartzeko izenbururik gabeko kapituluak baino ez. Horrenbestez, patxadaz irakurtzeko liburua da, gainera irudi asko erabiltzen baititu, eta oso tonu poetikoa du kontakizunak. Deskribapen ugariz beterik dago, sarritan luzeegiak iruditu zaizkit. Gainera, deskribapen horietako zenbait errepikatu egiten ditu, batez ere, ama tartean denean. Justifikazioa izan dezake horrek, ama baita liburuaren gai eta ardatza, amaren galera edo ezagutza eza zehazki esatera. Haatik, gehiegitxotan azpimarratzen duela iruditzen zait, hutsune horrek sortzen dion sentimendua modu berean deskribatzen du liburuaren zati ezberdinetan. Berez, motela den erritmoa are gehiago moteltzen duela irizten diot nik, minaren sentimena nabarmentzeko ahaleginean, errepikakor izateko arriskuan erortzen dela.

Kontakizunari helduz, gertaera batek jartzen dio abiapuntua liburuari eta gertaera horren mamuak, itzalak, orpoak ilundua da gainerako guztia. Xuelaren ama bera erditzean hil zen, Xuelak ez zuen ezagutu eta min hori askatzeko bizi da, heriotza hori justifikatzeko bizi da. Garrantzitsua da, halaber, adieraztea Dominika uhartean kokatzen dela istorioa. Bertokoa zen idazlearen ama. Karibeko uharte bat da, kolonizazioaren kolpe zorrotza jasandakoa. Hala, Kincaidek kolonizazio horri buruz pentsatzen duena plazaratu du Xuelaren ahoan. Kolonizatzaileen doilorkeria eta kolonizatuen koldarkeria kritikatzen du, batzuen nagusitasuna eta besteen otzantasuna. Era berean, garai eta une horretan emakume ala gizon sortzeak dakarren patua azaltzen du gordin, zuzen.

Bestelakoan, aita da liburuaren beste ardatza. Aitaren arbasoak erdi afrikar erdi eskoziarrak dira, lehia horretan bizi da aita. Bere buruarekin lehian, menderatzaileen alderdira jotzeko ahaleginean. Horretan itsu, Xuela alboratu egiten du hastapenetik, arropak garbitzen dizkion emakumearen kargura uzten du lehenik, familia aberats baten «babesean» ondoren eta azal zuridun aberaskume baten emazte gisa azkenik. Bizitzan porrot egin duela iruditzen zaio Xuelari, galtzaileen aldean jaiotzea egokitu zaiolako. Amak izandako ibilbidea errepikatzen du, amaren ondorengo da, ez aitaren ondorengo. Ez du halakorik nahi bere ondorengoentzat eta, horregatik, haurrik ez izatea ebatzi du. Liburuaren amaieran ere halaxe adierazten du, «Nire bizitzaren kontakizun hau nire amaren bizitzaren kontakizuna izan da nirearen kontakizuna izan den neurrian, eta ez hori bakarrik. Izan ez ditudan haurren bizitzaren kontakizuna ere bada».

Horrenbestez, patxadaz hartzeko liburua da. Kontatzen denetik haratago begiratu behar da; istorio bat ez, historia da egiaz Jamaica Kincaidek kritikatu nahi duena.





10 galdera, Jamaica Kincaidentzat

29 01 2013

Time aldizkariaren webguneko bideo bat. Besteak beste, otsailean argitaratuko den eleberria (See Now Then) aipatzen du Jamaica Kincaidek.

http://www.time.com/time/video/player/0,32068,2114662197001_2134451,00.html





Konkistak

14 01 2013

Azala_NireAmarenAutobiografia_Df_12mm_Alta

Iratxe Esnaolaren kritika hau argitaratu zen atzo Berria egunkarian:

Egilea: Jamaica Kincaid.
Itzultzailea: Alberto Martinez de la Cuadra.
Argitaletxea: Erein.

Arrotz zaigun egile baten lana lehenengoz eskuratzea beti da kitzikagarri, eta zer esanik ez, lehen gerturatzea euskaraz egin badezakegu. Karibeko Antigua eta Barbuda uharteek osatzen duten nazioan du jatorri Jamaica Kincaid-ek (1949), baina 17 urterekin, Amerikako Estatu Batuetara bidali zuen familiak handik mantenduko zituen itxaropenean. Urte batzuk geroago, The New Yorker-en idazten hasi eta 70eko hamarkadarako egile ezagun bihurtua zen. Nolanahi dela, uharteetako bizi esperientzia izan du material agorrezin, izan fikziorako, izan gogoetarako, Nire amaren autobiografia honetan gertatzen den bezala. Hau ez da biografia bat, hala ere. Memorian gordetako egintzak gogara maneiatu eta aldatu ditu egileak. Bestalde, uharteetako emakume genealogiatik baliagarri izan zaiona hartu du, eta berdin, historiatik komeni zitzaiona, horrekin guztiarekin fikzio bat osatzeko, hain zuzen, bere amaren belaunaldiko emakumearen istorioa irudikatzeko. Irudikapen hori Xuela Claudette Richardson andrea da eta bere biziaren bakarrizketa dugu eleberria. Fikzioa Dominika uhartean gertatzen da, Britainiar kolonizazioaren ondorioz, bertako karibetarrez hustu eta Afrikako esklaboz bete zuten uhartean. Arrazakeria mailakatua pairatzen duen herri eta garai batean kokatzen gara; beraz, piramidearen goialdean gizon zuri britainiarra dugula, mestizoak hurrena, beltzak geroago, eta karibetar ia desagertuak azkenik.

Eleberrian ez da elkarrizketa-lerro bakar bat ere. Prosa joriz, mintzo-parrasta aurkezten zaigu Niaren pentsamenduz, deskribapenez eta gogoetez mukuru. Ni honek bi obsesio ditu, aita eta ama, eta noiz bati jarraika, noiz besteari, bagoaz narrazioan aurrera. Ama, uharteko azken karibetarra, Xuelaz erditzean hil zen eta hura ezagutu nahiak eta ezinak modelatzen du Xuela. Harekin batuz uko egiten dio zapaltzaileen ohiturei; hots, Britainiar Inperioko erlijioari eta hezkuntzari, zeinak hizkuntzaren eta historiaren bitartez zapalduak euren artean zapaltzaile bihurtzea duen xede. Xuelak, emakume den neurrian eta ez zuri, gizon zuriaren eskubide eta legitimitaterik ez duela badakien ahots samin sumina du. Apika, mingostua ere bai, klase arraza eta genero bereizketek markatzen dituzten injustiziei aldaezintasuna darielako, haren ustean. Askok egilearen obretan etsipenezko mingostasun hori ikusi izan du eta begirada ilun pesimista azpimarratu. Duda gabe, ez du esfortzurik egiten kolonizazioaren historia zuritzeko; ez aitzakiarik, ez barkamen hitzik. Baina aurrez aurreko eskakizunik ere ez dago. Aldaezintasuna onartu eta orainean geratzen da ekintzara iragateke. Bere buruaren ezagutzan eta jabetzan aurkitzen du nazio berria, garaitu duten nazioa ordezkatuz. Gorputza ezagutzeko eskaintzen duen denbora, esate batera, edo bere indar sexualari ematen dion arreta, bestela, indartsu eta misteriotsua da, uharteko beste hainbat espiritu eta indarren antzera. Eta hori guzti hori, non eta mendebaldeko edertasun kanona beste kolonizazio mota bihurtu duten lekuan. Beraz, bere gorputzaren eta ahotsaren aldarri erabatekoa da. Nola bestela, jaiotzean abandonatu zuen aita kolonizatzaileen zerbitzura jarritako polizia makurra izanik. Hura duenez bigarren obsesio, behin eta berriro deskribatzen du hark diruari dion grina, ahulari dion mesprezua, eta zapaltzaileen eskaileretan duen posizioa, den-dena arreta biziz jarraituz. Hain zuzen, arreta gupidagabe hau da eleberria kohesionatzen duena, pertsonak biluzi eta deskribatzeko Niak duen arreta. Sentipen mingotsa eragin diezaioke horrek zenbaiti, begiratu eta epaitu egiten baitu ezer berririk proposatu gabe, norbere baitako lurren konkista beste helbururik gabe.





Jamaica Kincaid, ‘Sautrela’ programan

7 01 2013

131944914_640

Sautrela EITBko programak Jamaica Kincaid-en literatura hartu zuen gai nagusitzat 2011n. Programa horretan, Eider Rodriguez eta Zaloa Basabe mintzatu ziren Karibeko idazleari eta beronen lanari buruz. Hemen duzue programa osoa ikusteko aukera:

Jamaica Kincaid, Sautrela programan.





Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak

2 01 2013

EIZIEren Literatur Itzulpena Hedabideetan atalean, Ander Aranaren iruzkin hau argitaratu zen 2012ko abenduaren 28an:

Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak

Nire amaren autobiografia
Jatorrizko izenburua: The Autobiography of My Mother
Egilea: Jamaica Kincaid
Itzultzailea: Alberto Martínez de la Cuadra
Argitaratze urtea: 2012
Argitaletxea: Alberdania & Erein & Igela
Literatura Unibertsala bilduma

ANDER ARANA
Elaine Cyntyia Potter Richardson 1949an jaio zen Antigua uharteko St. John´s hiriburuan, eta hamazazpi urte besterik ez zituenean New Yorkera bidali zuten au pair, handik familiari laguntzeko dirua bidal zezan. Horixe bera egin zuen hasieran, baina urte gutxi batzuk baino ez ziren igaro familiarekiko kate hori hautsi eta, Jamaica Kincaid izena hartuta, bizitza berri bat abian jarri zuen arte. Iraganarekiko haustura eta galera hori gabe nekez uler liteke emakume karibe honen literatur lanetan guztietan entzun daitekeen ahotsa: iragan kolonialarekiko katea hautsi ezin duten herrien ahotsa, eta, zehazki, herri horietako emakumeena, zeinek zapalkuntza bikoitza jasan behar (izan) baitute; hain zuzen ere, herri gisa bizi behar izan dutena eta emakume diren aldetik egunero bizi dutena. Horregatik ez da harritzekoa Jamaica Kincaiden lan guztietan —baina bereziki, Nire amaren autobiografian— hain agerikoak izatea Frantz Fanon eta gisako pentsalariek postkolonialismoari buruz egindako azterlanetan jasotako ondorioekiko kointzidentziak. Izan ere, Jamaica Kincaiden lanen ezaugarri nabarmenetako bat da aldiro darabiltzala kontu biografikoak eta etengabea dela Karibeko herrien kolonizazioari eta deskolonizazioari buruzko hausnarketa kritikoa.
Nire amaren autobiografian, Xuelak bere bizitzaren kontakizuna egiten digu. Liburuan zehar, bat ere elkarrizketarik gabe eta kontakizunean beste inori esku hartzeko betarik eman gabe, Xuela zaharrak bere bizitza kontatzen digu. Jaio zenean hil zitzaion ama, eta harrezkero alferrik saiatu da amaren hutsunea betetzen eta haren irudia osatzen. Aita ez zitzaion hil, baina benetako aitarik gabe bizi behar izan du beti. Hortaz, bakarrik eta bakardadean hazi behar izan du, eta beharbada hori dela-eta jakin du aurkitzen babeslekua. Txiki-txikitandik, erreprimitu behar zuela irakatsitako guztiarekiko joera eta grina sentitzen du, eta bere gorputzean aurkitu du babeslekua, hainbesteraino non errepresioari eta zentsurari aurre egiteko modurik baliagarriena gorputza usaintzea eta ukitzea bilakatuko baitzaio, «inori entzuten utziko ez nion plazer hasperen ito bat nire ezpainetatik irteten zen arte», eta, hein batean, bide hori bera baliagarria gertatuko zaio bere amaren hutsunea betetzeko ere, «nire bizitzaren kontakizun hau nire amaren bizitzaren kontakizuna izan baita, nirearen kontakizuna izan den neurrian».
Nire amaren autobiografia ñabardurez beteriko kontakizuna da, lerro hauen bidez iradokitzen saiatu naizenetik askoz ere harago doana; garaile eta garaituei buruzko eleberri konplexua da, poesiaren musikaltasuna gertu-gertutik jarraitzen duen ahots landu eta iradokitzaile batez emana.
Aukera ederra, nire ustez, Literatura Unibertsala bildumaren hirugarren aroari hasiera emateko. Ez da horrenbeste denbora joan bilduma 90eko urteetan lehen fruituak ematen hasi zenez geroztik, baina lekutan gelditzen da, gaurko begiez ikusita, orduko hasiera malkartsu eta arantzatsu hura; besteak beste, Alberto Martínez de la Cuadra bezalako itzultzaile fin eta zorrotz askori esker, zeinak lehenago ere lan aparta egin baitzuen Chinua Acheberen Gainbehera dator dena —kolonialismoari buruzko eleberri bikaina hura ere, gaur hizpide dugunaren oso bestelakoa— itzuli zuenean.





Jamaica Kincaid, emakumeen aukeratzeko eskubidearen alde

4 12 2012

jamaica1

 

AEBetako presidentea aukeratzeko azken hauteskunde-kanpainan, 90 days, 90 reasons izeneko ekimena jarri zen abian, Barack Obamaren aldeko botoa eskatzeko. Ekimen horrek ez zuen loturarik Barac Obamaren kanpaina ofizialarekin. Ekimen horretan, kulturaren arloko 90 pertsonari eskatu zitzaien adieraz zezatela zergatik emango zioten botoa Barack Obamari. Hona hemen Jamaica Kincaiden arrazoia:

«26. arrazoia: emakumeen aukeratzeko eskubidea babesten du Obama presidenteak

»Haurra nintzelarik, Karibeko uharte batean hazten ari zena, herritar gehienak Afrikatik bortxaz eramandako jendearen ondorengoak ziren uharte batean, kontuan jausi nintzen gure patioko tokiren batean elkartzen zirela noizik behin nire ama eta beronen adiskideak, denak emakumeak, eta berriketan jarduten zutela, eta edari bero eta oso ilun bat zurrupatzen eta edaten zutela, lehenago bildutako zuhaitz batzuen hosto eta azaletatik egina. Zuzenean ez zidaten ezer ere adierazi, baina ulertu nuen, hala ere, edaten zituzten edabeak xedatuak zeudela haien umetokiak garbitzera barruan zeukaten eta beren bizitzen eguneroko martxa galaraziko zien zernahitik; alegia, beren umetokien garbitze hori etxea gobernatzeko beste modu bat zen.

»Harrigarri gerta daitekeen arren, edo beharbada ez hain harrigarri, edabearen osagai garrantzitsu bat, orain argi gogora dezakedan bakarra, landare tapitu bat zen, usain goxorik gabeko lore zuriak eta hosto pinatuak zituena. Orain badakit landare hori artemisia dela, asentsio-belarren familiakoa. Askotan, landare horren sorta eder bat ebaki eta lotzen zen erratza egiteko, eta halako erratzaz garbitzen zen patioa bertan aurkitu eta nahi ez zen edozein gauzatatik. Eta patioa erraztatzea etxeko gobernuaren parte bat zen, oso parte garrantzitsua.

»Orain, 63 urteko adinera heldurik, txunditurik eta suminez kausitzen dut neure burua armada mobilizatzeko eta jende batzuk askatzera lurraren azkeneko bazterretara eramateko prest dagoen herrialde batean bizitzen, aldi berean neuri askatasuna kendu nahi baitit eta galarazi neure kontura erabaki dezadan edozein gai baldin eta nire ugal organoei loturik badago. Haurrak izateko edo ez izateko nire erabakia ez da inork niri emandako eskubide bat. Ez dut aurkitzen eskubide hori nola edo hala ezarria John Lockeren edo Thomas Hobbesen idatzietan edo Biblia Sainduan edo beste zernahi saindutan. Ez dut aurkitzen eskubide hori Amerikako Konstituzioan. Neure izatean bertan aurkitzen dut eskubide hori, neure existentzian bertan. Nire bizitzaren errealitatea den guztia ulertzeko eta kontuan hartzeko dudan gaitasunean aurkitzen eta hartzen dut eskubide hori.

»Emakumea naiz. 14 urterekin hasi eta 57 urte izan arte, hilekoa izaten nuen hogeita zortzi egunetik hogeita zortzi egunera gutxi gorabehera; hau da, odola turrustan ateratzen zitzaidan gorputzetik baginan zehar. Gertaera horrek laborria sorrarazi zidan hasieratik, lehenik oso ikaragarria zelako eta ondoren sentiarazten zidalako gertatu aurretik eta haren odolezko presentzia bete-betean zegoenean ez nintzela ni neu, ez nintzela izan nahi nuen pertsona.

»Baina gertaera horrek, menstruazioak, bereizten nau. Baliteke biologia patua izatea, edo ez, baina nire eguneroko bizimoduan erabakimen handia izan zuen nire ziklo menstrualak. Egina nuen zerbaitengatik edo nire gorputzari gertaturiko disfuntzio ezezagunen batengatik eten egiten zen nire ziklo menstruala, kirrinkaz gelditzen ziren nire bizitza arrunt ia beti pobrea osatzen zuten mugimendu, elipse, amets, irudipen, grina, poz, atsegin eta urratze xalo ugariak.

»Badira pertsonak gogo dutenak beraiek pertsona-izaera deitzen duten zerbait existentzia-forma orori atxikitzea, betiere hura beraiek irudikatzen duten gisan: likido likatsu batean egonezinez nora gabe dabilen esperma bakarti batek ukitzen edo topatzen du obulu eme bakarti bat, biak elkartzen dira eta harea-ordulari baten barruan erortzen dira eta orduan, berehala, badute presentzia bat, Besteen munduan datzan errealitate burutu bat. Emakumeek osatzen dituzte, bereziki eta batez ere, «Beste» horiek eta berauen mundua, eta emakumeak dira «pertsona-izaera» horiez erditzen direnak eta erditzearen zamaren azpian lanean dihardutenak.

»Barruan hazten eta hazten ari zaizun zerbaiten zama eramatea izugarria da. Baina zama hori norbait bada, emakumeek erabat ezagutzen baitute zer dagoen beraien barruan, ezinbestez arazoz mukurutzen dira sentimenduak, are umetokiko zama erabat desiratua denean. Haur bi izan ditut neure umetokian. Horren nahikunde handia izan nuen, eta bi aldietan oso pozik sentitu nintzen jakin nuenean haurdun nengoela. 35 urte nituen haurdun geratu nintzenean neure lehenbiziko haurrarekin, eta 39 urte, neure bigarrenarekin.

»Nire amak 30 urte zituen ni, beraren lehenbiziko haurra, jaio nintzenean. Jatorriz naizen tokian, ezohikoa da, ia egundo entzun gabea, halako posizio soziala, pobrea, duen emakume bat hain zaharra izatea bere lehenbiziko haurraz erditzen denean. Ama hil baino ez urte asko lehenago, solas bat izan nuen berarekin hainbat gauzari buruz, eta solas horretan esan zidan bederatzi haur izanak zituela. Konturatu nintzen bederatzi haur esan zuela, ez bederatzi haurdunaldi.

»Emakume batek erabakitzen badu, aukera eman zaiolako, erregulatu egin nahi duela bere umetokiaren edukia, eta hori eginik bekatua egiten badu, Jainkoak ez al dio barkatuko? Haren bekatua hain larria al da non Jainkoak beste bekatu guztien gainetik jartzen baititu? Baldin eta Jainkoak eta munduko beste guztiek barkatu ahal badizkiete alemaniarrei beren egiazko eta benetako urratze publikoak, Jainkoak barkamena ukatu ahal dio emakume bakarti bati, bere bizitzaren asaldurari aurpegi ematen ari denari, zeinahi dela haren egoera, berdin hura pobrezia bada edo eragozpenak edo are arinkeria hutsa? Barkamena ukatu ahal zaio emakume bati bere bizitza taxutu nahi izategatik?

»Dudarik ez dut Obama presidentea ez litzatekeela ados egongo emakumeak bere ugal bizitza kontrolatzeko duen eskubideaz egin dudan formulazioarekin; alegia, halako punturaino duela berea eskubide hori non ez lukeela inondik ere debate publikoaren parte izan behar; non horretaz hitz egitea, emakume batek bere bizitzaren eremuan egin ohi duena, hain baita pribatua non zuzenketa baten urratzea izango bailitzateke, artikulatu ere ezin daitekeena. Eta, hala ere, emakumearen aukeratzeko eskubidearen aldeko sostengu sinple, irmo eta argia, emakume batek bere intereserako onena zer den haztatzeko, estimatzeko eta erabakitzeko duen eskubidearen aldekoa, da bera berrautatzearen alde engaiatzera eramaten nauena.»





‘Nire amaren autobiografia’ren hitzaurrea eta eleberriaren lehen orrialdeak

2 12 2012

The Autobiography of My Mother / Nire amaren autobiografia

Hemen dira Jamaica Kincaid-en Nire amaren autobiografiaren hitzaurrea eta eleberriaren lehen orrialdeak: Nire amaren autobiografia.

 





Uharte bat eta ikuspegi bi: Jamaica Kincaid eta Jean Rhys

24 10 2012

«Literatura Unibertsala» bilduman bada, Kincaiden Nire amaren autobiografia bezala, Karibeko Dominika uhartean kokatua dagoen (liburuaren zati bat bai behintzat) beste eleberri bat, Sargazo itsaso zabala, Jean Rhysek idatzia eta Txomin Arratibelek itzulia. Jean Rhys Antilletako Dominika uhartean jaio zen. Uharte horrexetan bertan jaio zen Jamaica Kincaiden ama, nahiz gero Antigua uhartera aldatu zen, Jamaica Kincaid jaio zen uhartera.

Bada alderik, hala ere, idazle biek uharteko biztanleei buruz dituzten ikuspuntuen artean. Arratibelek hitzaurrean aipatzen duenez, kreolen esperientzia kontatzeko gogoa zuen Rhysek, bera ere kreola baitzen sortzez. Rhysen ingeles editore Diana Athillek Stet. Editore baten bizitza lanean azaldu zuenez, Rhysekin izan zituen elkarrizketetan batere atxikitasunik gabe hitz egiten zuen beltzei buruz, eta arrazoi horregatik aholkatu zioten ez zezan sar «Errepide Inperiala» ipuina Mozkorraldia lo-pasatu, andrea izeneko liburuan; Rhysen arabera, beraren editoreek uko egin zioten ipuina liburu horretan sartzeari, haren tonua beltzen aurkakoa delako.

Jamaica Kincaidek, ordea, arbuioz idazten du Antiguako elite kolonialaren jokaeraren ezaugarri ziren zakarkeriaz eta arrazismoaz.





Jamaica Kincaid eta Frantz Fanon

24 10 2012

Lizabeth Paravisini-Gebert Karibeko kulturaren eta literaturaren irakaslearen arabera, Frantz Fanonen lana ezagutzen duenarentzat ezinezkoa da Nire amaren autobiografia irakurtzea Fanonen lanaren eragina sumatu gabe.

Frantz Fanon Martinikako psikiatra bat zen, bere idatzietan agerian utzi nahi izan zuena zein modu suntsigarrian eragin zien kolonialismoak bai kolonizatzaileei eta bai kolonizatuei. Fanonen arabera, bateraezinak diren ordena sozial bi elkartu zituen kolonialismoak, kolonizatzaileena eta kolonizatuena, eta betiereko tentsioan koexistitzera kondenatu zituen. Tentsio horiek mundu bat sortzen dute, zeinetan norbanakoa —kolonizatzailea nahiz kolonizatua— etengabe kapitulatzeko arriskuan egoten baita arrazakerian eta zapalkuntzan oinarrituriko sistema baten deformazio sozialaren eta espiritualaren aurrean.

Fanonek bere idatzietan aztertzen duen kolonizatzaileen eta kolonizatuen arteko oposizio kategorikoa agertzen da Nire amaren autobiografian ere. Kincaidek Xuela pertsonaia nagusiaren eta eleberriko beste pertsonaien arteko harremanak baliatzen ditu, Fanonek bere idatzietan deskribatzen dituen kategoria sozialak artikulatzeko. Nire amaren autobiografiako pertsonaiak sistematikoki aztertzen badira Fanonen Azal beltza, mozorro zuriak liburuaren argitan, agerian geratuko da nola erabiltzen dituen Kincaidek pertsonaiak Fanonek zirriborratutako inguruabar kolonialen adibide gisa, asimilazio kulturalari uko egiten dion Xuelaren narrazioa eraikitzeko.